Hamarratz proiektua ezagutzea bera inspirazio iturri izan da niretzat. Eskuz egindako kuadernoak sortzen ditu, xehetasunez zaindutako piezak, eta horrez gain diseinu eta maketazio lanetan ere aritzen da. Bere lanetan badago artisauaren pazientzia eta sortzailearen begirada berezi hori.
Bere webgune berrirako argazki saioa prestatzea tokatu zitzaidan, eta egia esan, momentu oso bereziak bizi izan genituen. Tailer txikian, paper artean, orriak ukitzen eta koloreekin jolasten ikusteak berehala transmititzen du egiten duen lanaren maitasuna. Nik kameraren bidez hori guztia harrapatzen saiatu nintzen: kuaderno baten xehetasun txikia, argiaren dantza orri baten gainean, edo bere eskuen mugimendu lasaia.
Argazki saio honek gogorarazi dit zeinen ederra den eskuz egindako lanak duen balioa: denbora, arreta eta pasioa. Eta, niretzat, plazer handia izan da Hamarratzek irekitako unibertso txiki hori irudietan gordetzea.
Eskerrik asko, Uxune, zure sormenaren zatitxo bat nirekin partekatzeagatik.



























